XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HAIZEA (Afrikako herri-ipuin gaurkotua).

Urte sasoi lehorraren hasieran txoriak behetik gora hegaldatzen ikusiko dituzue.

Jira-biraka ibiltzen dira hegoei eraginez, goitik behera oldartzen dira, gero hegaldiari ekiten diote berriz elkarri segika.

Ez dira aspertzen beren etengabeko lehian.

Goizero elkartzen dira zeruan, eta han sakabanatzen dira taldeka, jolasean dihardute, zein gehiagoka pio-pio eginez.

Baina arreta handiagoz begiratzen badiezue, edonori burrukan dabiltzala pentsaraziko liokeen luma eta txio-txio zurrunbilo hori ez dutela txoriek sortzen konturatuko zarete, haizeak baizik; noranahi eramaten dituen haizeak, amiltzen dituen haizeak, bultza egin eta nekarazten dituen haizeak.

Gauza bera gertatzen da ia lurra ukituz eta hautsa harrotuz pasatzen den bola bizkor, luma dardartizko horrekin ere, ez da ostruka, haizea baizik. Haizea.

Mendi garai baten gailurrean bizi da haizea.

Hartzulo batean bizi da.

Baina etxean ez da ia inoiz egoten, ezin bait da geldi egon.

Irten beharra du beti.